Berriz ere, Brechtek zioen bezala, begien bistakoa dena defendatu behar dugu. Adierazpen-askatasuna, giza adierazpenen zabaltasun osoan, hala nola artea eta antzerkia bereziki, demokraziaren funtsezko elementua da, eta gizarte baten zibilizazioa definitzen duen ezaugarria. Eraso egiteak, ukatzeak, zauri bat eragiten du, eta, horren ondorioz, odola galtzen du askatasunak.
Eskenak, Euskadiko ekoizle eszenikoen elkarteak, gogor gaitzesten du María Goiricelayak “La Dramática Errante” konpainiarentzat zuzendutako eta Gasteizko Principal Antzokiaren programazioaren barruan aurreikusita dagoen « Altsasu » obraren antzezpena zentsuratzeko asmoa. Ez dugu arrazoirik aurkitzen intolerantzia ekintza horrek konpainiaren jardun profesionalari eragin nahi dion kalte ekonomiko eta morala justifikatzeko. Horregatik, konpainiako talde osoari elkartasuna adierazi nahi diogu. Aldi berean, programazioa bideratu duen egokitasuna eta irizpide ona berresten ditugu.
Antzerkiak bere osotasuna lortzen du areto bat partekatzen duen komunitatea emozioaren eta kritikaren ispiluaren aurrean jartzen duenean, ikusle bakoitzari, bere burua ezagutzeko erronka egiten dionean, baita ikusi nahi ez duen tokian ere, bere kontraesanak eta zikinkeriak desafiatuz. Orduan bihurtzen da arte erabilgarri, sendagarri, kohesionatzaile. Ezer ezin du hemen aurkitu bere egia bakarrik bilatzen duenak, bere kontsignak bakarrik dituenak, bere aurreiritziak bakarrik onartzen dituenak. Baina funtzio bakoitzean sortzen den aukera bakar hori aprobetxatzeko edo baztertzeko erabakia ikuslearen irizpideari baino ez dagokio, ikuslea izateko eskubidea ukatzerik ez baitago: antzerki-lana ez dago soberan, zentsoreak soberan daude.