Euskadiko arte eszenikoen sektoreko lehen hitzarmena sinatu da
Eskena izan da hitzarmenaren negoziazioen buru, EAB aktoreen sindikatuarekin batera, baina sektoreko gainerako eragileen babesa jaso du.
Euskadiko arte eszenikoen sektoreko lehen hitzarmena sinatu egin da. Hitzarmenak Euskadiko arte eszenikoetako jardunbide praktika egokiak sendotzen ditu, eta lan-erreferente bat ezarri nahi du, nahiz eta enpresa, enpresaburu eta ekoizle profesional gehienak jada praktika egokiak egiten zituzten. Arte eszenikoak ere sektore ekonomikoa direla aldarrikatzen du hitzarmenak. Gainera, Hitzarmenak sektore seriotasuna eta sendotasuna ulertzeko balioko du.
Hitzarmenak aretoko zein kaleko arte eszenikoen diziplina desberdinak biltzen ditu: antzerkia, dantza eta zirkua. Katalunian, Madrilen, Galizian edo Valentzian lehendik zeuden beste hitzarmen batzuk hartu dira erreferentziatzat, prekarietatearen aurka borrokatzeko helburuarekin eta patronal osoaren (Eskena eta Besteok) adostasunarekin, euskal eragile eszeniko guztien onespenarekin (ADDE, Artekale eta EZE) eta sindikatu guztien babesarekin (EAB, LAB, ELA, UGT eta CCOO). Hitzarmenaren helburua kontratuetan intrusismoari edo jardunbide txarrei aurre egitea da.
Hitzarmenak lan eta produktibitate baldintza onak bermatzen ditu, eta produkzio eta emanaldi faseei dagozkien lan-baldintzak jasotzen ditu, hau da, entsegunak eta bira eszenikoak. Era berean, merkatuaren errealitate ekonomiko desberdinak hartu dira kontuan, helduentzako antzerkiaren eta familia antzerkiaren artean bereizita.
400 enpresa eta 1.000 langile ingururi eragingo die
Kulturaren Euskal Behatokiaren datuen arabera, erregulazio horrek 400 enpresa eta enpresaburu kontratatzaile eta 1.000 langile ingururi eragingo die. Gainera, interpreteak kontratatzen dituzten autonomoei ere eragiten die – euskal sektore eszenikoaren % 60 dira –.
Gaur egun bizi dugun ziurgabetasun ekonomikoaren barruan,hitzarmen hau lanbide sendo bat duintzeko eta sortzeko sektore-apustu bat da. Sinatzen den egunetik aurrerako kontratu guztiak, 2023ko apirilaren 26ean sinatu zen, hitzarmenean araututakoaren mende egongo dira. Hitzarmen hori gaur argitaratu da EHAAn – Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian -, eta bihar indarrean jarriko da, atzeraeraginezko ondorioekin.