KALEKAz Blai sekzioak eta tailer berriek emango diote hasiera Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiari
KALEKAren 29. edizioa uztailaren 19tik 22ra bitartean ospatuko da eta jada hasi da KALEKAz Blai sekzioarekin. Azken honen barruan, ekainaren 14anBarsanti konpainiak Kale Gorrian ikuskizunaren entsegu irekia egin zuen, Lekeitioko eskola publikoko lehen hezkuntzako 6. mailako ikasleekin, non kale antzerkiaren ezaugarriak hurbil-hurbiletik ezagutzeko aukera izan zuten.
Nazioarteko jaialdian 22 konpainia eta kolektibo izango ditugu, euskal herrikoak, estatukoak eta baita atzerritik etorritakoak ere. Guzti hauen ikuskizunak, sormenezko lanak eta parte-hartze tailerrak Lekeitioko kale zein bereziki egokitutako espazio ezberdinetan kokatuko dira.
Ohikoa bilakatzen ari den bezala, KALEKAk bi formakuntza tailer eskainiko ditu. Alde batetik, Rui Paixao, gaur egun europar agertokian aurkitu dezakegun clown urratzaileetako batek, egungo pailazoen munduaren inguruko gogoeta eta esperimentazioa landuko duen Omnium Estatua izeneko laborategian.
Bestalde, Matias Zanottik Revestidos izeneko sorkuntza tailerra emango du, antzeztokietan erabiltzen diren jantzien sorkuntzaren inguruko workshopa, jantzi hauen forma, kolore eta fantasiaren goraipatzea aztertzea bilatuko duena.
Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiak bere egitarauaren berri emango du uztailaren 10ean. Uztailaren 10ean, 12:00etan kale antzerki jaialdiaren programazio osoa ezagutzera emango da plazan. Aurtengo berrikuntzak zeintzuk diren azalduko dira, parte hartzea bultzatuko duen tailerra eta antzerki erakustaldi batekin girotuta.
11:00etan, Markeliñe konpainiaren Chef Nature ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dugu. Honetan, naturaz eta imajinazioz betetako jatetxe bat aurkeztuko zaigu, non mahaikideek haien mugikorrak eta tabletak alde batera utzi beharko dituzten naturarekin birkonektatzeko. Ondoren, 12:00etan, programazioaren aurkezpenarekin batera, jaialdian zehar erabiliko diren komunikazio elementuen sorkuntza eta parte-hartzea bultzatuko dituen tailerra egingo da, udako kanpamendu eta tokiko hezkuntza zentroekin elkarlanean.
|* INFORMAZIOA: Kaleka.eus |