Bilbon, 2020ko apirilaren 16ean
Atzo, EAB, ESKENA, ADDE, ARTEKALEko konpainiak eta banatzaileak, MUSIKA BULEGOA eta EZE elkarteok gutun bat bidali genion, Zuzeneko Arteak RESET plataformako kideon izenean, Bingen Zupiria Kultura Sailburuari. Bizi dugun larrialdi-egoeraz kontziente izateko eta kulturaren defentsan pausu bat aurrera egiteko eskatzen genion gutun horretan. HAKOBA erabili dezatela beharrezkoa den instituzioen arteko koordinazioa lideratzeko eta hitzetatik ekintzetara pasa daitezela biziberritzea eta etorkizunerako alternatibak sustatzeko bidean .
Gaur komunikabideen aurrean aurkeztu den “Kulturako profesionalei laguntzeko programa” konfinamendu hilabete luze honetan zehaztu den lehen pausoa izan da. Lehenik eta behin, esan pozez jaso dugula Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren arteko elkarlana. Krisiaren eragina zuzenean jasaten ari dira kulturaren arloko langileak eta gure lehentasuna langile horiek babesteko beharra da. Zentzu horretan, ekarpen guztiak ongietorriak izango dira. Pozik ere, era berean, inplizituki onartu da arteen profesionalek bizi duten aldizkakotasuna eta prekarietatea. Kezka honek eztabaidaren erdigunean egon behar luke, Covid osteko etorkizuna diseinatzen hasten garenean ere.
Ezinbestekoa da ahalik eta arinen zehaztea programaren onuradunak nortzuk izan daitezkeen, izan ere, arteen esparruan langile autonomoak eta Artisten Erregimen Bereziaren barruan dauden besteren konturako langileak biltzen dira. Jaso dugun informazioa ez da argia eta ez da bereizten zein diren barne edo kanpo dauden profesionalak. Sailburuaren azalpena entzun ondoren ere, ez dakigu programa honek kontuan hartu dituen Artisten Erregimen Bereziaren barruan dauden besteren konturako langileak (orain momentuan babes gabe) edo, saileko beste iturri batzuk adierazi duten bezala, langile autonomoei eragiten dien soilik.
Edozein kasutan ere, lehenengo urrats bat izan da eta gure lanean berresteko indarra eman digu. Dagokien eragileekin, pribatuekin eta publikoekin, biziberritzeko gakoak diren beste bi arlotan ere proposamenak landu nahi ditugu:
– Enpresen eta egituren erreskatea. Etorkizunerako bermea diren arren, 2008ko krisiaz geroztik ahulduta eta baliabiderik gabe daude eta hilabete luzez iraun dezakeen geldialdi baten ostean nekez itzuliko dira normaltasunera.
– Merkatu eszenikoa suspertzeko neurriak. Zuzeneko Arteak, eta orokorrean kultur adierazpide guztiek, rol sinboliko eta aktibatzaile garrantzitsua izango dute datozen hogeitalau hilabeteetan. Beste Autonomia Erkidego batzuetan Zuzeneko Arteak berriro aktibatzeko Salbuespenezko Planak proposatzen hasi dira dagoeneko. Gurean, Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei eta udalei dagokie hori. Uda honetako kale denboraldiarekin batera izan daiteke abiapuntua, osasun-egoeraren baldintzek bidea ematen dutenean.
RESETeko kideok, instituzio guztiekin lankidetza eta koordinazioa mantentzeko prestutasuna berresten dugu, horretarako elkarlanerako bide eraginkorrak sortuz. Jarraian doakizue proposatzen dugun neurrien zerrenda: