ESNEAREN KOLOREKOA
Tanttaka Teatroa
Ikusleak liluratu eta hunkitu zituen liburu baten antzerkirako egokitzapena iritsi da. Hain zuzen, Madrilgo Liburu-saltzaileen Gremioak 2014ko Urteko Liburuaren saria eman zion, eta Frantziako Femina sarirako proposatu zuten. Tanttaka Teatroak ‘Esnearen Kolorekoa’ estreinatuko du Arriaga Antzokian igande honetan.
Mary, bere familiarekin 1830eko nekazal giroko Ingalaterrako baserri batean bizi da. Ilea esnearen kolorekoa du eta hanka batean arazo fisikoa zuela jaio zen. Baina, familiaren kondenatik ihes egitea lortzen du, bikarioaren emaztea zaintzeko neskame gisa lan egitera bidaltzen dutenean. Orduan izango du irakurtzen eta idazten ikasteko aukera. Liburuetan «marra beltz pila bat besterik ez» ikusteari utziko dio. Itzalen mundua uzten duen heinean, argiak are itsugarriagoak izan daitezkeela ohartuko da, eta horregatik, Maryri bere istorioa kontatzeko ahalmena baino ez zaio geratuko.
BILBAO
TEATRO ARRIAGA ANTZOKIA
ABENDUAK 3 – 19:00
LAGUN BELTZ ASKO
Ados Teatroa
Hemen ez gara arrazistak. Hemen denok ditugu lagun beltz asko. Hala ere, aizu, gauza asko entzuten dira; adibidez, gero eta delinkuentzia gehiago dagoela, jende horrek lana kenduko digula… Ados Teatroak arrazakeriari buruzko hausnarketa egin du Garbi Losadak eta José Antonio Vitoriak idatzitako ekoizpen berrian.
Berandu da. Arimarik ez kalean. Ixteko zorian dagoen edozein taberna da. Barruan, jabea eta bere lagunik onena azken tragoa hartzen. Lagun minak dirudite, baina biek ezkutatzen dituzte sekretuak eta traizioak. Bat-batean, galduta dabilen migratzaile batek atea jo eta mugikorra kargatzen uzteko eskatzen die, bere alabari deitzeko, Londresa. Mugikorrik gabe ezin da berarekin komunikatu, ezta bere bidaiarekin jarraitu ere. Gau luze baten hasiera da; hain urrutitik datorren eta ulertzen ez dien eta ulertu ezin dioten pertsona horri laguntzea beste asmorik ez omen dute ‘hemengoek’. Taberna batean sartu eta bi anfitrioiek ezkutatzen zituzten sekretuak nahi gabe azaleratzen dituen atzerritar baten istorioa ere bada.
LEZO
GEZALA AUDITORIUMA
ABENDUAK 3 – 19:30
KANPORA SARTZEN
Txalo Produkzioak
Kanpora sartzen ikuskizuna sentimendu gordinenen eta umorearen arteko oreka bilatzen duen lehen pertsonan idatzitako istorioa da. Txalo Produkzioak antzezlan ausarta ekoitzi du, Xabin Fernandez Zubeldia eta Intza Alkain Ibarguren protagonista dituena.
2013ko martxoaren 11n, Xabinek seropositiboa zela jakin zuen; egun hartan, dena aldatu zen. Hamar urteren ostean, Xabin eta birusaren arteko harremanaz hitz egiteko garaia iritsi da. Lan honetan bere elkarbizitzaren lekuko izango gara, azken hamarkadan gertatutako pasadizoak errepasatuko ditugu. Pilulak, estigma, lotsa, kontsultak, beldurra, errua, bakardadea, osasun mentala, terapia, pandemia… Nola eragin du birusaren etorrerak Xabinen eguneroko bizitzan?
OIARTZUN
LANDETXE KULTUR ARETOA
ABENDUAK 3 – 19:00
[Sarrerak agortuta]
ANDEREÑO
Anita Maravillas
Jakina, euskararen egunean ere badago leku bat familiako antzerkirako. Anita Maravillasen zazpigarren lana da Andereño. Haurrentzako eta familientzako txotxongilo-ikuskizuna da, irakasle baten eta bere eskola txikiaren istorioa kontatzen duena, maitasunetik eta elkarren zaintzatik eraikitako eskolarena, alegia. Anita Maravillasen txotxongiloek estetika zaindua dute ezaugarri. Hori ezinbestekoa da konpainiarentzat; izan ere, edertasunaren gaia funtsezko adierazpide gisa ulertzen du, mugimendua zainduz, bere bizitza-ilusio delikatua lortzeko.
Istorio honen bidez, maistra ausart haien hitzek bidaiatu egiten dute, eta belarrira xuxurlatzen digute aske izateko lehen baldintza saiatzea dela.
VILLABONA
GUREA ANTZOKIA
ABENDUAK 3 – 17:00
HAMALAU
Tartean Teatroa
Tamainak ez du axola, kalitatea da garrantzitsuena. Eta horren erakusgarri, Tartean Teatroaren ‘Hamalau’ antzerki laburra. Bakarrizketa hau Bilboko Zazpi Kaleetako LautanHiru jaialdian estreinatu zen 2023an.
Eraikin bat hiri batean. Hamalaugarren solairua. Terraza bat. Gizon bat dago bertan. Notarioa da, eta bere bezero baten zain dago. Hain zuzen ere, bezero horren buru-hilketa edo suizidioa egiaztatzera joan da. Ez da ohiko lana, baina nor da notario bat juzku moralik egiteko? Dena baldintza egokietan dagoela ziurtatzera mugatu behar da. Eta notarioa denez, bide batez, ohartarazi English suizidio baten aurrean gaudela, tirabuzoi bikoitzeko inbertso klasikoa, hain zuzen.
GOIZUETA
UDAL ARETOA
ABENDUAK 3 – 18:00
BELARRI PREST
Amaia Bono
Proiektu hau ikasketa prozesu bat da: identitatea, itzulpena, akatsa, kultura, hitzak, biografia… Guzti hori euskaldun berrien kontakizunetik eta hizkuntzaren azterketatik abiatuta. Amaia Bonoren ‘Belarri Prest’ ikuskizuna Harrobia Eskenako Trantsizioak programan sortu zen.
ANTZUOLA
TORRESOLOA
ABENDUAK 3 – 18:00