Hamabi denboraldiren ostean, EITBk ‘El último apuntador’ Radio Euskadiko eta Radio Vitoriako programaziotik kentzea erabaki du. Erabakiaren berri irailean jaso genuen, denboraldia prestatuta zegoela eta hasteko egun gutxi falta zirela. Programa merezi bezala ixteko tarterik gabe, eta hamar urte baino gehiagoz gurekin izan zareten entzuleei agur esateko aukerarik gabe.
Ez da beste programa bat desagertzea soilik. ‘El último apuntador’ arte eszenikoei berariaz eskainitako euskal irrati publikoaren espazio bakarra zen. Hamabi urtez, antzerkiari, dantzari, zirkuari eta Euskadiko sorkuntza garaikideari ahotsa eman die. Sektorearentzat erreferentzia bilakatu da, eta gure eszenaren memoria jasotzen duen soinu-artxibo paregabea osatu du.
Programa Arabako bost konpainiaren bultzadatik sortu zen: Teatro Paraíso, Pikor Teatro, Traspasos Kultur, Porpol Teatro eta Teatro Panta Rhei. Ondoren, Eskenarekin eta sektore osoarekin batera hazi zen. Lehen urteetan Mertxe Guillén aritu zen gidari, eta azken bost denboraldietan Mireya Martín izan da programaren buru, pasio, dedikazio eta hurbiltasun handiz. Etapa honen ezinbesteko parte bihurtu da.
Horregatik, ez gara agur esatera mugatuko. Hedabide publiko batek bere lurraldean sortzen den kultura islatu eta hari lekua egin behar dio, eta arte eszenikoak kultura horren parte dira. Programa bertan behera utzita, sektoreak irrati publikoan zuen berariazko bozgorailu bakarra galtzen du, eta, gainera, haren ordezko aukerarik mahai gainean ez dagoela. Gauza bat argi utzi nahi dugu: lanean jarraituko dugu arte eszenikoek hedabideetan berriro ere dagokien ahotsa izan dezaten. Beharrezkoa da, eta ez diogu aldarrikatzeari utziko.
Hamabi urteek asko ematen dute. Gustatuko litzaiguke azkenak ez izatea. Eskerrik asko.








