Apirilak badu zerbait berezia dantzarentzat. Agian, hilabetea Dantzaren Nazioarteko Egunera hurbiltzen delako; agian, aste hauetan programazioak beste tentsio bat hartzen duelako eta askotariko piezak pilatzen direlako: familia osoarentzako proposamenak, estreinaldiak, sinadura sendotuak eta hizkuntza koreografikoa beste leku batzuetara eramaten duten lanak. Arrazoia edozein dela ere, une egokia da agenda patxadaz begiratzeko eta aukeratzeko.
1. Nijoyome, mugimenduan barrutik sartzeko gonbidapena.

Lehen geldialdia apirilaren 16an izango da, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Bertan, Nuria Pérezek Nijoyomepiezaren inguruko entsegu irekia eskainiko du. Proposamenak ikuslea (bereziki familia girokoa) etengabe mugitzen, eraldatzen eta ingurunearekin harremanetan dagoen barne-unibertso horretara hurbiltzea du helburu. Eta hor dago formatu honen indarguneetako bat: obra bat ikusteko aukera emateaz gain, haren arnasa ere sumatzeko parada eskaintzen du, oraindik guztiz itxi gabe dagoen sormen une horretara gerturatzekoa.
2. 52-BLAU, BLV-Art jaialdian arriskua bilatzen dutenentzat.

Apirilaren 17an, BLV-Art 2026 jaialdiaren barruan, 52-BLAU ikusi ahal izango da Bilboko Berreginen Museoan. iXa Universos de Movemento taldearen estreinaldi honek espazio infinitu baten erdian hondoratze batetik bizirik irauteko ahalegina proposatzen du abiapuntu gisa. Irudi horrek berak iradokitzen du dagoeneko indar bisual eta sentsorial handiko pieza bat dela. Dantza apaingarri gisa baino, esperientzia gisa ulertzen dutenentzat da hitzordu horietako bat: egoera batean sartzeko, atmosfera batean murgiltzeko, hitzez nekez azal daitekeen tentsio fisiko eta emozional batean egoteko.
3. Lana, lanak gorputza nola zeharkatzen duen.

Egun berean, apirilaren 17an, baina oraingoan Basauriko Social Antzokian, Lana izango da ikusgai. OSA+MUJIKAkonpainiaren sorkuntza da, Jaiotz Osaren koreografiarekin, eta lanak gorputzetan, erritmoetan eta eguneroko bizitzan duen pisuari heltzen dio. Ez da gai txikia: gauza gutxik baldintzatzen dute hainbeste munduan egoteko dugun modua, ekoizten, eusten, errepikatzen edo jasaten ematen dugun denborak bezainbeste. Lanak hortik abiatzen du bere bidea, eta material koreografiko bihurtzen du. Eszenan, gainera, Rafke Van Houplines, Maddi Ruiz de Loizaga, Paula Parra, Adrián Bolaños eta Jaiotz Osa ariko dira.
4. A.I. (Amalur indarra), Lucía Lacarra gaurko galderen aurrean.

Apirilaren 23an eta 24an, Gasteizko Félix Petite Antzokiak hartuko du A.I. (Amalur indarra), Lucía Lacarra Balleten bigarren ekoizpena, Lost Letters lanaren ondoren. Oraingo honetan, proposamenak bete-betean lotzen du gaurkotasunarekin: adimen artifizialaren agerpena, sormenaren inguruko galderak eta gero eta teknologizatuagoa den mundu batean emozioek duten lekua. Lucía Lacarra eta Matthew Golding dira kontzeptuaren eta zuzendaritza eszenikoaren arduradunak, eta koreografia Matthew Goldingek eta Juanjo Arquések sinatzen dute. Hilabeteko hitzordu handietako bat da, zalantzarik gabe, asmo handiko dantza garaikidea bilatzen dutenentzat.
5. Furfuria, gorputza artxibo bizidun gisa.

Apirilaren 25ean, Furfuria iritsiko da Gazteszenara (Donostia), Nerea Gurrutxagak sinatutako estreinaldi batekin. Obraren abiapuntua ikerketa koreografiko bat da: gorputza, belaunaldiz belaunaldi jasotako memoriaren artxibo bizidun gisa ulertzea, eta, aldi berean, ahotsaren eta mugimenduaren arteko lotura aztertzea. Hor dago piezaren interes handietako bat: dantzak forma berriak asmatzen dituela ulertzean, baina baita gorputzean pilatutako geruzak, arrastoak eta erresonantziak agerrarazteko gaitasuna ere baduela onartzean. Gaur egungo sorkuntza bat ikusi nahi dutenentzat da, gorputzak berekin dakarren guztia ahaztu gabe.
6. Amama, familian partekatzeko dantza.
Zerrendako azken proposamena apirilaren 26an iritsiko da Sopelako Kurtzio Kultur Etxera: Amama, Aukeran Dantza Konpainiaren haurrentzako dantza ikuskizuna. Abiapuntua irudi xume baina indartsu bat da: amona bat, ipuinak kontatzen bere bilobari. Euskal dantzetan oinarritutako koreografien bidez, obrak hainbat kontakizun taularatzen ditu, belaunaldien artean partekatzeko moduko pieza bat osatuz. Hilabete honetan askotan berrikuntzaz eta esperimentazioaz hitz egiten den arren, komeni da hau ere gogoratzea: dantza transmisiorako, gertutasunerako eta memoria partekaturako tokia ere bada.
Apirileko ibilbide txiki honek zerbait argi uzten du: Dantzaren Nazioarteko Egunak ozen gogorarazten digun hori ez da egun bakarreko aldarria. Dantzak ez du bigarren mailako lekurik arte eszenikoen barruan. Entsegu irekian dago, formatu handian ere bai; familia-piezan, ikerketa garaikidean, memorian, lanean, teknologian eta tradizioan. Horregatik merezi du arreta handiagoz begiratzea, ez bakarrik apirilaren 29an, baizik eta hilabete osoan zehar.
Eta Euskadin, 2026ko apiril honetan, horretarako arrazoiak soberan daude.
