Uda heldu da. Kale antzerkia eta antzerki jaialdiak gure auzoetan. Baina areto-antzerkirako, oraindik aste batzuk itxaron behar ditugu denboraldi berrira arte.
1. TARTEAN TEATROA · ‘Ghero’
Tartean Teatroak sorpresa bat prestatu digu uda honetarako. Uztailetik aurrera, Tartean Teatroaren webgunean, bere ikuskizunik txalotuenak ikusi ahal izango ditugu. Horietako bat ‘Ghero’ da, 2018ko azaroaren 20an Arriaga Antzokian estreinatuta eta Euskal Herriko 42 eszenatoki bisitatu ondoren. Uztailaren 22tik aurrera gure etxeko aretoetan izango dugu. Tartean Teatroak eta Euskaltzaindiak elkarlanean egindako lana da ‘Ghero’, Akademiaren mendeurrena ospatzeko.
3000 urtea. Euskara desagertzeko zorian dago. Azken euskaldunak izkin egin nahi dio halabeharrari.Benetako misterioa ez da gure hizkuntzaren jatorria, ezbada bere biziraupen harrigarria. 3000 urtean euskara egongo al da? Ghero, kondairen kondaira bat, euskararen biziraupen harrigarriari buruz. Ghero, hizkuntza baten bizirauteko amorrua. Ghero, bizirik irauteko grinari buruzko istorio bat Hizkuntz preindoeuropear txiki baten biziraupenaren mirariarekiko harridura, miresmena, nahasmena, konplizitatea… Bederatzi istorio, bederatzi antzerki poema, euskeraren planetaren inguruan orbitatzen. Antzezlan emozionantea, originala, dibertigarria, harrigarria eta estetikoki ausarta.
IKUSI ORAIN: https://tartean.eus/es/ghero-online/
2. TEATRO PANTA RHEI · ‘Noa, Uy, Uy, Uy’
Panta Rhei Antzerki dosia ere izango dugu, konpainiaren ikuskizun ezagun eta hunkigarrienetako batekin; ’Noa, Uy, Uy, Uy ‘, gaztelaniazko bertsioan, eskuragarri dago beren Vimeoko kanalean. Denok itzuli ahal izango gara haurtzarora Noari esker, mundua pixka bat hobeto eta libreago ikusaraziko baitigu.
Noak ia hiru urte ditu eta berezkoa, librea, ipurtarina, bihurria, jostalaria eta barregarria da. Bere aitona-amonak urrun eta oso lasai bizi dira. Egun apartak izango dira denentzat. Noa haiekin egun batzuk pasatzera joateak irauli egingo ditu haien bizitza monotonoak. Aitona-amonek beste modu batean ikusiko dute mundua Noaren begien bitartez. Urakana dator. Haien egunerokotasuna ekintza bihurtuko da, gazte eta bizi sentituko dira irudimenaren ateak bide berriei irekiz. Noak ere maitasunaren, konfiantzaren, berezkotasunaren, naturaltasunaren eta askatasunaren unibertsoetara bidaiatuko du aitona-amona alaiekin. Abentura mugagabea hirurentzat.
IKUSI ORAIN: https://vimeo.com/teatropantarheiantzerkia
3. TANTTAKA TEATROA / Antz3rkiz · ‘Soinujolearen semea’
Teatroteka arte eszenikoen eduki digitala kudeatzeko eta mailegatzeko plataforma da. Bere katalogoaren artean, Tanttaka Teatroaren ‘Soinujolearen semea’ izeneko bitxi bat aurki dezakegu. Bernardo Atxagaren izen bereko eleberriaren antzerkirako egokitzapena arrakastatsua izan zen eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako antzokietan antzeztu zen Antz3rkiz esker.
David Imazek Euskal Herritik ihes egin behar izan zuen 70eko hamarkadaren erdialdean, traidoretzat hartu zuen bere jendearen gaitzespena ikustean. Kalifornian zorionaldia aurkitu arren, bere lehenaldiak zama bat izaten jarraitzen du oraindik, eta bere erru sentimenduak ez dio uzten bere bizialdiko azken egunei soseguz aurre egiten. Joseba Altuna, txikitako bere laguna, azken agurra ematera joan zaio, eta bide batez konpondu gabeko kontuak argitzera. Aspaldi batean ez zuten elkar ikusi; garaia zen, ordea, egiari aurre egiteko Bernardo Atxagaren izen bereko nobelaren egokitzapen honetan.
IKUSI ORAIN: http://teatroteca.teatro.es/opac/#fichaResultados
4. HORTZMUGA TEATROA · ‘En sus zapatos’
Krisi humanitario testuinguruetan eta gatazka armatu orotan biztanleria zibila izan ohi da kaltetuena. Bereziki, emakumeen eskubideen urraketa egoerak eta haien aurkako jazarpenak erruz areagotzen dira une horietan; argi eta garbi, gizonezkoek baino egoera anitzez larriagoa jasaten dute. Aurten, 2017an, dagoeneko 50 urte igaro dira israeldarrek palestinar lurraldea ilegalki okupatu zutenetik. Hala ere, 2 milioi errefuxiatutik gora bizi dira bertan, guztiak ere duintasuna-, borondatea- eta erresilientzia-adibide ezin hobeak. Izan ere, herrialde honek 65 urte daramatza bidezko irtenbide iraunkorraren zain.
“En sus zapatos” ikuskizunak antzerkia eta bizipen-jolasa ditu ardatz. Honela, publikoak bere azalean biziko du Palestinako emakume errefuxiatuek egunean-egunean eta egoera horietan pairatzen duten ikusezintasuna eta isiltasuna. Zehazki, emakume ororen duintasunak jasaten duen oinazea eta euren eskubideen urraketa azaleratzen dira. Era berean, antzerki-lan honek emakumeak herrialde palestinarraren sostengu nagusi gisa ermeki taularatu ditu; egiaz, emakumeak biztanleria harriz-harri eraikitzen duen funtsezko euskarri baitira. Beraz, antzerki-jolas honek aipatutako testuinguruan emakume izateak zertan datzan nork bere azalean bizitzea du helburu. Beste edonoren zapatak janztea edo bere azalean bizitzea zera da, beste norbaiten bizipenak zeure bilakatzea, harekin enpatizatzea, haren izatea hobeto ulertzea. Izan ere, ikuskizun honek rol trukaketan jolastea du helburu; azken finean, kointzidentzia eta errealitate hutsa ez baitaude oso urrun.
IKUSI ORAIN: https://vimeo.com/hortzmugateatroa
5. KULUNKA TEATROA · ‘Edith Piaf: Taxidermia de un gorrión’
Kulunka Teatroak hitzik gabeko eta maskaradun ikuskizunak egiten ditu. Hala ere, Fernando Soto eta Jose Daulten zuzendaritzapean Ozkar Galanen testu-lan bat ekoiztera ausartu zen konpainia. 2017ko urtarrilean Teatro Españoleko estreinaldian sarrera guztiak agortu zituen eta, hori gutxi balitz, Garbiñe Insausti Max Sarietan finalista izan zen Aktore Protagonista kategorian.
Fikziozko topaketa bat, Camile Schultz animaliak fotografiatzen espezializatutako erreportariaren eta Edith Piaf diva handiaren artean. Elkarrizketa eztabaidaz beteriko hori azterketa xehe bihurtuko da mitoen jatorriaz, mitoen izaeraz, mitoetan sinesteko eta mitoak sortzeko beharraz. Bidaia emozional bat, izar baten, jainkosa baten -buztinezko oinak dituen jainkosa baten- sorrera eta gainbehera ekarri duten gertaeretan barrena.
IKUSI ORAIN: http://teatroteca.teatro.es/opac/#fichaResultados
6. ‘Ama, begira zazu‘
“Ama begira zazu”: sei sketch-ez osatutako ikuskizuna, tartean tarteko beste kontakizun labur batzuk egiten dutela lotura gisa. Restaurant bateko langileen kontuak, monja eta gotzaiaren arteko hika-mikak, harrijasotzaile baten entrenamendu inposiblea, neskazar parearen etxean atea jotzen duen Jehova lekuko baten bixita, Benidorm-en uda pasan dagoen bikotearen andantzak, eta azkenik, Euskal Telebistako kazetari bati kaleko inkesta bat burutu nahian gertatzen zaizkionak. Istorio guztiei atera diete punta Mikel Garmendia, Joxeramon Soroiz, Kontxu Odriozola. eta Elena Irureta aktoreek, Eneko Olasagastiren zuzendaritzapean (Jose Luis Urdapilletaren dekorazio koloretsua). Muntaia sinple eta freskoa
IKUSI ORAIN: https://www.soraluze.eus/es/agenda/teatro-ama-begira-zazu
7. TARTEAN TEATROA · ‘Zergaitik, Jamil?’
Eta online antzerkiaren zerrenda hau ixteko, Tartean Teatroara itzultzea baino hobeto. Uztailaren 27tik aurrera izango da ikusgai ‘Zergaitik, Jamil?’ Bere webgune ofizialean, ‘Online’ atalean. Jokin Otegik eta Patxo Telleriak zuzendu dute, eta Mikel Martinezek eta Eneko Sagardoyk antzeztu dute.
Kolpe bat jaso eta memoria galdu berri duzu. Dakizun bakarra, poliziak esan dizulako, zera da: bere ohean zetzan elbarritu babesgabe bat tiroz akatu duzula; duela gutxirarte maitekiro zaintzen zenuen gizona, hain zuzen. Zeure burua duina eta zintzotzat duzu eta hala ere krimenik gorrotagarriena burutu duzu. Eta zeure buruari galdetzen diozu: “Zergatik, Jamil?”
IKUSI ORAIN: https://tartean.eus/es/zergatik-jamil-online/