ESTREINALDIA! Tanttaka Teatroa aurkezten du bere lan berria; ‘Semea Pixka Bat Motelago Dabil Soilik’. Testu aparta da, eta ez da esaera hutsa. Sari ugari jaso ditu eta herrialde askotan ari dira antzezten. Familiaren etxea askotariko espazioa da, eta, bertan, hainbat egoera ikusiko ditugu: batzuk barregarriak, beste batzuk krudelak edo hunkigarriak, eta beste asko sailkaezinak.
Estreinaldia: Ostirala 2022ko Urtarrilaren 14a 19:30. Arriaga Antzokia (Bilbo)
Beste askoren antzera, Mia ezinbesteko emakumea da bere etxeko egunerokoan. Bere baitako deabruen aurka borrokatzen da, ama, aita, alaba, senar «disidentea» eta, batez ere, Branko semea zaintzen dituen bitartean —Brankok endekapenezko gaixotasun izengabe bat du, eta mugitzeko ahalmena ari da galtzen—. Gaur 25 urte bete ditu Brankok, eta bere familia «akastunak» (gaur egun «disfuntzional» esango genioke) urtebetetze-festa antolatu du. Aukera paregabea izango da noizbait garrantzitsua izan zen guztiari buruz hitz egiteko, beti kontuan izan beharko genukeenaz mintzatzeko, betiere umorez, soiltasunez eta zintzotasun gordinez: oroimena, familia, denboraren iragaitea, ezberdina dena onartzea, gaztetasuna, maitasuna, beldurra, bakardadea, edertasuna, abandonua, zoramena, gaixotasuna… Bizitza.