Vaivén Producciones konpainiako “Sherezade y las capas de la cebolla” laneko hiru interpreteek duela gutxi izandako Donostia Antzerki Sariaren inguruan sortutako polemika dela-eta, honako hau adierazi nahi du Eskenak, produkzio eszenikoko enpresen elkarte den aldetik:
- Vaivén ekoizlea Eskena elkarteko kide denetik partekatutako esperientzian oinarrituta, esan dezakegu konpainia horrek erabat errespetatzen duela elkarte honek EAB Aktoreen Sindikatuarekin sinatutako Lan Akordioa.
Denbora luzez landutako lorpena izan zen itun arautzaile hori; bakarra izaten jarraitzen du eta Eskenari lotutako konpainiak hartzen ditu eraginpean soilik, eta, hori horrela, beren borondatez jartzen dira desabantaila-egoeran lehiari dagokionez, abiapuntu gisa gutxieneko lan-baldintza batzuk eskainiz. Vaivén Producciones etxeko Ana Pimenta izan zen, hain zuzen ere, Eskenaren izenean akordioa sinatu zuena, garai hartan Eskenako presidente eta gaur egun iritzi publikoaren aurrean ezbaian dagoen ordezkaria, bere hirian bertan ondo merezitako sari bat jasotzera zihoala jarri baitute ataka horretan, gainera.
Hori horrela, zoriondu egiten dugu eta gure estimua adierazten diogu lehenik, eta horrekin batera, eta betiere normaltasun osoko eta Lan Akordioa orokorrean betetzearen aldeko testuinguru batean, adierazten dugu, halaber, Vaivén etxea erabat integratuta dagoela egunetik egunera Eskenak defenditzen dituen produkzio eszenikoko jardunbide egokiak garatzearen aldeko konpainien multzoan.
- Produkzio horretako aktoreen idazkian, “baliabide guztiak dauzkaten konpainia kontsagratuak” bezalako espresioen ondoren, sektoreari egindako kexa estentsibo bat erdizka ikus daiteke, produkzio-etxeen multzoak guztia irentsi nahi izatearen eta abusuz jokatzen duenaren sentsazioa orokortuta.
Kasurik onenean, diruz lagundutako proiektu batek produkzio-aurrekontuaren % 49 jasotzen du gehienez funts publikoetatik. Gainerako % 51 produkzio-etxeak inbertitzen du eta arriskatzen du. Ikuskizun baten banaketa gaizki badoa, produkzio-etxeak egin behar die aurre –frustrazioari aurre egiteaz gain– galera ekonomikoei, eta lan- eta lege-arloko erantzukizun guztiari .
Eta, jakina, ikuskizunak porrot egin dezake, edo prozesua hastean aktore eta enpresaburuek zituzten espektatibak bete gabe utzi. Ez da bidezkoa iradokitzea produkzio-etxeak lantalde artistikoko kideek baino inbertsio txikiagoa egiten duela ilusioari, lanari eta gorputz eta arima aritzeari dagokionez.
- Ikuskizunen euskarazko bertsioekiko tratu txar orokorraren intsinuazioa erabat faltsua da. Erronka eta praktika konplexua da, baieztapen sinplistak alde batera utzita ekin beharrekoa, hots, euskararekiko konpromisorik ezaren gaineko susmo-itzal faltsu bat zabaltzea soilik bilatzen duten baieztapenak baztertuta, horrek ez baitio inori mesede egiten.
- Edonola ere, posizionamendu hori ez da, argi eta garbi, produkzio-etxe baten eta aktore batzuen arteko gatazka bat konpontzeko modua. Bada beste biderik. Eta hori zabaltzean nahi zutena debateren bat sustatzea bazen, erabilitako teknikak ezin zuen desegokiagoa izan.
Gure arazoak aditzera emateko eta eztabaidatzeko hainbat erakunde, foro, elkarraldi eta formula ugari ditugu. Aktoreek, jakina, sindikatu bat dute, EAB, eta urteak dira ESKENAK elkarrizketan diharduela elkarte horrekin, eta enpresen eta aktoreen arteko harremanak arautzeko hitzarmen arautzaile bat sinatzeko bidean dagoela. Horiexek dira debate profesionalak sustatzeko kanal egokiak. Gainerako guztia soberan dago eta euskal antzerkiaren munduan ekitaldi esanguratsu, baliagarri eta errespetatua den Donostia Sariari kaltea eragin besterik ez du egiten. Zain dezagun guztion artean.