Datorren asteazkenean, hilak 27, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Bilboko Campos Elíseos Antzokiko Cúpula aretoko hall-ean “Emakumea Eszenan, eta zu non zaude?” mahai-ingurua egingo da 17:00etan. HIKA Teatroa konpainiako zuzendari Agurtzane Intxaurragak egingo ditu moderatzaile lanak, eta emakumeak eszenan hartzen duen tokia izango da gai nagusia.
Mahai-ingurua 17etan hasiko da eta mahaikideak honakoak izango dira: Gabi Ocina eta Sandra Fernández aktoreak; Serantes Kultur Aretoko zuzendari eta Espainiako Antzokien Sareko presidente Carlos Morán; Oihulari Klown taldeko sortzaile, pailazo profesional eta 2017 urteko Emakunde Sari Virginia Imaz; Aizpea Goenaga aktore, idazle eta zuzendaria, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti.
ESKENAK HIKA Teatroaren laguntzarekin antolatutako ekimen honen bidez, pilpilean dagoen genero berdintasunaren gaia arte eszenikoetara eraman nahi izan da. Besteak beste, honako galderak jarriko dira mahai gainean: Arte eszenikoen historiak non kokatu ditu emakumeak?; Zenbat eraiki dugu urte hauetan emakumeen ikusgarritasunaren alde?, Zenbat mito deseraiki?; Fikzioak ala errealitateak, zeinek jartzen dizkio traba gehiago emakumeari?; Antzerkiak pertsonaiak eraikitzen laguntzen du?…
Ekitaldia hasi baino lehen aurtengo Antzerkiaren Manifestua irakurriko da, eta amaitzean protagonistekin kopa bat hartzeko aukera egongo da ESKENAren eskutik. Sarrera librea eta doakoa da. Asistentzia konfirmatzeko helbide honetara mezu bat idaztea eskertuko da: komunikazioa@hikateatroa.eus.
19:30ean, Campos Antzokian bertan eta Loraldiaren eskutik, Aizpea Goenagak eta Gorka Benitez saxofonistak egun horretarako sortutako testu bat irakurriko dute, eta La Cuerda Teatroak “Izotza apurtzen den ertza” obra taularatuko du.
Informazio gehiago
Teresa Sala
komunikazioa@eskena.org / komunikazioa@hikateatroa.eus
650 038 731