BILBOKO UDALAK ANTOLATZEN DUEN, ETA UZTAILAREN 1ETIK 7RA LUZATUKO DEN BILBOKO KALEALDIA – KALEKO ANTZERKI ETA ARTEEN JAIALDIA 20. EDIZIORA HELDU DA, 80 EMANALDI BAINO GEHIAGO ESKAINIKO DITUZTEN ERREFERENTZIAZKO 29 KONPAINIAREKIN
Programazioak estatu mailako 6 estreinaldi eta erabateko 3 estreinaldi jasotzen ditu, kaleko antzerki garbienetik zirku garaikidera, dantzara, kaleko musika bandetara eta clown artistetara, horien artean, Lleidako Fira de Titelles izenekoan Interpretazio Onenaren Urrezko Herensugea jaso zuten Brunette Bros.
Euskal konpainia hauek ere euren kaleko lanak eskainiko dituzte: Barsanti Cia, Hortzmuga Teatroa, Deabru Beltzak, Malas Compañías, Markeliñe, Natxo Montero, Trakamatraka, The Funes Troup eta Dikothomia, azken hori, Umore Azokaren azken edizioan Euskal Ikuskizun Onenaren saria lortutakoa. Bilbo bisitatuko duten 29 konpainietatik, 12 Frantziatik, Italiatik eta Danimarkatik etorriko dira.
Casilda Iturrizar parkea jaialdiko aire zabaleko antzoki handi bilakatuko da berriro, ikuskizunak ikusteaz gain, sentsazio desberdinak esperimentatzeko aukera emango duten hiru espaziorekin. Bilboko Kalealdia Areatza ingurura, Arriaga Antzokiaren kanpoaldera, Plaza Barrira eta Santiago Plazara ere helduko da.
Bilboko Udalak antolatzen duen Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak- BILBOKO KALEALDIAK, bere 20. edizioa ospatuko du aurten, eta kalitate maila bikaina eta aniztasuna erakusten dituen programazioarekin egingo du, izan ere, kaleko arte eszenikoen nazioarteko panoraman lehen mailan dauden zenbait konpainiaren proposamen berrienak bilduko ditu. Uztailaren 1etik 7ra 80 emanaldiizango ditugu –aurreko edizioan baino %20 gehiago–. Horietako asko, aire zabaleko agertoki handi gisa finkatzen ari den Casilda Iturrizar Parkean izango dira. Aurtengo edizioan ere parkeak apainketa berezia edukiko du Hiriko ekitaldi nagusietakoa izango den jaialdiari ongi etorria emateko. Gainera, aurten sentimenen arabera bereizitako hiru gune izango ditu, jaiarekin, loreekin eta lasaitasunarekin lotutakoak. BILBOKO KALEALDIA Alde Zaharraren inguruko ohiko kokalekuetara ere helduko da.
Edizio honetara gonbidatutako konpainien artean, 10 Euskadikoak dira, 4 Estatuko gainerako lekuetakoak, eta gainerakoak Frantziatik –kaleko antzerkiaren Europako erreferente nagusia–, Italiatik eta Danimarkatik datoz, batez ere. Guztiek ere euren azken lanak ekarriko dituzte Bilbora, eta ikus-entzuleek ohiko agertokietan gozatu ahal izango dituzte: parkean, astelehenetik asteazkenera, eta ostegunetik aurrera jaialdia Bilboko Areatza ingurura joango da, Plaza Barrira, Santiago Plazara eta Arriaga Antzokiaren kanpoaldera.